Como agua para chocolate

22 02 2008

Gaurkoan ere literatura latinoamerikarrarekin natorkizue. Laura Esquivelek idatziriko eleberri honek Mexikoko neskato baten istorioa kontatzen du.

Como agua para chocolate.Tita etxeko alaba gazteena izanik, amaren azken egunerarte bera zaintzea behartuta dago. Horrek ez ezkontzea suposatuko dio gazteari. Baina orduan, Pedro gaztea agertuko da bere bizitzan, elkar erabat maiteminduz. Amak ez du hori onartuko eta mutil gazteak bere maitearen alboan egoteko ahizparekin ezkonduko da, Rosaurarekin. Titak erabiltzen dituen sukaldeko errezetek bere bizitzako joana kontatuko digute, beti Pedrorekiko urruntasunak adieraziz. Izan ere, ama zaindu behar horrek jaio zenetik sukaldera lotzen du neska gaztea, bertako sekretu guztiek bizitza oso bat markatuz.

Nobela benetan zoragarria, pasioz eta tristuraz betea, baita betiko literatura latinoamerikarraren fantasiaz ere. Errezeta ezberdinen bitartez kontatze horrek usain, zapore eta kolorea ematen dio istorioari. Irakurtzen ari nintzela Titak prestatutako jakiren bat usaintzen edo probatzen ari nintzela ematen zuen. Behin irakurtzen hasiz gero, ezin daiteke geratu, segidan zer gertatuko den jakiteko irrika pizte baitu. Bukaerak (ez dut kontatuko) eleberria erabat biribiltzen du, baita negar malkoren bat edo beste atera ere.

Beraz, maitasun istorioak gustatzen zaizkion orori aholkatzen diot liburua.

Zuetako norbaitek irakurria badu liburu hau, idatzi zuen iritzia ere.




Egunkaria libre!

20 02 2008

hasierako-pantaila-1.GIF

Musika eta poesia “urteurrena” gogoratzeko eta batez ere, ez ahazteko.

Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori”:




Joanak joan

20 02 2008

Yon EtxaideAspaldian idatzi ez dudala eta gaurkoan euskarazko liburu batekin natorkizue, zehazki klasiko batekin: Joanak joan. Yon Etxaide Itharte donostiarrak (1920-1998) 1956an Euskaltzaindiaren saria jaso zuen liburu honengatik. Urte bete geroago euskaltzain urgazle, laguntzaile, izendatu zuten; bere azken urteetan euskaltzain ohorezko izan zen.

Badira pare bat urte irakurri nuela eta harrituta geratu nintzen gizon honek, duela 200 urte Zuberoan hitz egiten zen euskara hura berreskuratzeko egin zituen lanak. Bertan Petiri Topet “Etxahun” poeta-bertsolariaren bizitza kontatzen du. Adulterioa eta hilketak gertutik bizi izan zituen Etxahun dohakabeak. Joanak joanen garai haietako istorioak kontatzen dizkigu. Euskal Herriko gazte ugarik alde egin behar izan zuten Ameriketara, maiorazkorik tokatzen ez zitzaiela eta. Zorte haren barnean sartzen ez zirenak berriz, maiz behartutako ezkontzaren bat jasan behar izaten zuten.Joanak joan

Eleberri xamur honetan garai hartako euskal gizartea islatzen da. Jada ohituak gaude horrelako istorioen pelikula “amerikanoak” ikusteaz, baina askotan ahaztu egiten zaigu gure herrian ere horrelakoak ere pasa direla, gurean ere istorio triste eta gordinak ezkutatzen direla.

Besterik gabe, eleberri honen zati batekin uzten zaituztet.







Itxi
Bidali postaz