Esperimentua
26 03 2008Oporretan izan naizela eta badira egun batzuk idazten ez dudala. Beraz, gaurkoan atzo berrian Castillo Suarezek idatzitako artikuluarekin natorkizue, betiko moduan patxadan irakurtzea merezi duena.
Larrepetit
Castillo Suarez
Esperimentua
Esperimentuaren lehen fasea. Sei tximino daude kaiola batean. Goitik platano eder bat zintzilikatzen dute, eta tximinoetako bat hartzen saiatzen da. Platanoa altxatzen dute, eta ur hotzezko kuboa bota. Berriz ere platanoa zintzilikatzen dute, eta beste tximino bat hartzen saiatzen da, baina berriz ere platanoa jaso eta ura botatzen dute. Tximinoek ikasten dute, eta nardatzen dira. Platanoa zintzilikatuagatik, bakar bat ere ez da saiatzen hartzen. Esperimentuaren bigarren fasea. Tximino berri bat sartzen da kaiolan, eta aurreko seietatik bat ateratzen dute. Tximino berriak platanoa ikusi, ingurura begiratu, eta errazki hartzen du. Ez da ezer gertatzen. Gainontzeko tximinoak oldartzen zaizkio. Esperimentuaren hirugarren fasea. Beste tximino berri bat sartzen da, eta gainontzekoak etsaitako hartzen dute. Pixkanaka tximino «berriak» sartzen dituzte eta «zaharrak» atera. Azkenik tximino talde bat izango dugu borrokan, baina bakar batek ere ez daki zergatik. Inor ez da bere lehenaldiaren jabea; biktima besterik ez da.
Arestikoa ez da benetako ikerketa zientifiko bat, Antonio Álamoren narrazioa baizik. Azpimarratuen artean gordetzen dut nik. Izan ere, gure gaitza ere bada iraganik ez izatea. Maiz ezkutatzen digute iragana, gure ezinegonaren zergatia alegia. Maiz ahaztu egiten zaigu zergatik egiten ditugun egiten ditugunak. Norengatik falta zaigun bihotza. Betikoek betiko minaz idazten dute bitartean.
Pdf-an ikusi nahi baduzue hemen linka. Bestela ikusteko, berriz, hementxe.
Ale irakurzale ondo bukatu oporrak!! Eta bukatu zaizkizuenok ondo hasi!!
Categories : Artikuluak
Recent Comments