29
04
2008
Gaurkoan idazle bihurtuko gara. Tikatok web-guneari esker etxeko gaztetxoenek beraien liburu propioa egiteko aukera izango dute.
Bere orrian harpidetuz gero, haurrak edo zerorrek eginiko marrazkiak eskaneatuta igo daitezke, ondoan ipuinaren narrazioa jarriz. Portadan ere nahi duzun marrazkia jartzeko aukera ematen dizu. Ondoren, ipuinari forma emandakoan, liburua inprimitu daiteke. Prezio interesgarri baten truke, etxera bidaliko dizute ipuina. Web-orria ingelesez dagoen arren, nahi duzun hizkuntzan idazteko aukera ematen du.
Ideia benetan ona izan daiteke etxeko txikienari opari polit bat egiteko.
Hona hemen helbidea. Bertan beste haur edo helduek eginiko ereduak ikusi ditzakezue. Ezkerretara, web-orriaren funtzionamendua azaltzen duen bideo bat duzue.
Zabildu
Comments : 1 Comment »
Categories : Sailkatugabeak
10
04
2008
Jordik idatziriko liburuekin jarraituz, gaurkoan euskaratutako liburu batekin natorkizue. 2003an Liburu Gaztea saria jaso zuen istorio honekin.
Diegok, 19 urteko gazteak, kasualitate batez amonak bere armairuan gorderik dituen gutunak aurkitzen ditu. Bertan hiltzat jotzen zuen aitonaren berri izaten du. Bi aldiz pentsatu gabe Kubara joatea erabakitzen du aitonaren bila. Irlara iristean maitasuna zer den ezagutuko du, hori bai aitonaren arrastoari jarraitzen utzi gabe.
Orokorrean polita da istorioa, baina ez da Jordik idatziriko onenetakoa, niri behintzat hori iruditu zitzaidan. Beti bezala ia lehenengo lerroetatik “engantxatuta” geratzen zara bukaeraraino. Amaiera erabat hunkigarria.
Besterik gabe, liburua irakurtzera animatzen zaituztet, autore honek euskaraz dituen liburu gutxietako bat baita. Irakurria duenak berriz, bere iritzia idaztera animatzen dut.
Zabildu
Comments : 1 Comment »
Categories : Liburuak
9
04
2008
Apa irakurzale!! Hona hemen Castillo Suarezek berrian atzo idatzitako artikulua. Beti bezala zer pentsa ematen digu neska honek.
Larrepetit
Castillo Suarez
Boteretsu
Zenbatean uste izan dugu gure gainetik zeudela. Kalte handiagoa jaso genezakeela, eta onartzen dugu kalte txikiagoa pairatu inori oldartu baino lehen, eroso gaudelako hein batean jasan dezakegun min txikiarekin, eta beldurtzen gaituelako min handiagokoa pairatzeak. Zenbat aldiz sentitu gara ondokoa baino indartsuago, eta pentsatu dugu beti irabaziko dugula indar handiagoa dugulako. Zenbat aldiz pentsatu dugu irabaziko dugula. Zenbat aldiz galdu dugu nahiz eta irabaziko genuen ziurtasuna izan. Zenbat aldiz. Zenbat aldiz irabazi dugu oharkabean izan bada ere. Zenbatetan garailetzat gaituzte ingurukoek eta ez dute gure arranguraren nolakotasuna ezagutu ere egiten. Zenbatetan. Zenbatetan irabazi behar dugu. Zergatik irabazi behar dugu, beti.
Kafkaren alegia bateko protagonistari, sai batek hankak mokokatu zizkion; zapatak eta galtzerdiak urratu ondotik hasi zen hankak mokokatzen. Tarteka borobilak egiten zituen hegan, hura inguratuz, baina berriz hasten zen erasotzen. Gizaseme bat handik pasatu zen, eta galdetu zion zergatik onartzen zuen saiak hori egitea. Erasotuak esan zion babesik ez zuela, saiek indar handia dutela, eta aurpegia kaltetu baino, nahiago zuela hankak mokokatzen uztea. Gizonak orduan bere burua eskaini zuen fusila bilatu eta tiroa emateko. Nolanahi ere, saiak elkarrizketa entzun, atzera egin, eta mokoa sartu zion eztarriraino. Saia odoletan ito egin zen, ordea.
Pdf-an ikusi nahi izanez gero hementxe linka. Beste bat arte!!
Zabildu
Comments : No Comments »
Categories : Artikuluak
7
04
2008
Jordi Sierra i Fabraren liburu hau duela pare bat urte irakurri nuen. Idazleak idatzi dituen liburu
guztien artean, ez naiz ausartu kontatzen, nire eskuetara iritsi zen lehena izan zen. Ia lehenengo orrietatik erabat sartu nintzen istorioan. Asko gustatu zitzaidan Jordiren estiloa eta geroztik bere liburu gehiago ere irakurri ditut.
Gaurkoan “Retrato de un adolescente manchado” liburuarekin natorkizue, baina datozen egunetan Jordiren beste liburu batzuetaz ere hitz egingo dizuet.
Arrakasta handiko abokatu batek bere karrera politikoa utzi eta abokatu lanari berriz ekitea erabakitzen du. Egun batez enkargu berezi bat jasotzen du, bere ama hiltzea egotzi dioten gazte bat defendatzea hain zuzen. Gaizkilea ezagutzean abokatua erabat sartuko da kasuan eta istorioan, non bere iragana bera errebelatuko zaion.
Istorio guztian zehar gure arreta erabat bereganatzen du Jordik. Pixkanaka ematen dizkigun pistekin hiltzailea nor izan den argitzen joango gara. Momentu bat ere egongo da inorengan susmatuko dugula. Benetan merezi duen liburua, bai horixe.
Bukatzeko hementxe uzten dizuet liburuaren eta idazlearen inguruko informazio gehigarria eta beti bezalaxe liburua irakurri duzuenok zuen balorazio propioa idaztea gustatuko litzaidake.
Zabildu
Comments : 1 Comment »
Categories : Autoreak, Liburuak
Recent Comments