Boteretsu
9 04 2008Apa irakurzale!! Hona hemen Castillo Suarezek berrian atzo idatzitako artikulua. Beti bezala zer pentsa ematen digu neska honek.
Larrepetit
Castillo Suarez
Boteretsu
Zenbatean uste izan dugu gure gainetik zeudela. Kalte handiagoa jaso genezakeela, eta onartzen dugu kalte txikiagoa pairatu inori oldartu baino lehen, eroso gaudelako hein batean jasan dezakegun min txikiarekin, eta beldurtzen gaituelako min handiagokoa pairatzeak. Zenbat aldiz sentitu gara ondokoa baino indartsuago, eta pentsatu dugu beti irabaziko dugula indar handiagoa dugulako. Zenbat aldiz pentsatu dugu irabaziko dugula. Zenbat aldiz galdu dugu nahiz eta irabaziko genuen ziurtasuna izan. Zenbat aldiz. Zenbat aldiz irabazi dugu oharkabean izan bada ere. Zenbatetan garailetzat gaituzte ingurukoek eta ez dute gure arranguraren nolakotasuna ezagutu ere egiten. Zenbatetan. Zenbatetan irabazi behar dugu. Zergatik irabazi behar dugu, beti.
Kafkaren alegia bateko protagonistari, sai batek hankak mokokatu zizkion; zapatak eta galtzerdiak urratu ondotik hasi zen hankak mokokatzen. Tarteka borobilak egiten zituen hegan, hura inguratuz, baina berriz hasten zen erasotzen. Gizaseme bat handik pasatu zen, eta galdetu zion zergatik onartzen zuen saiak hori egitea. Erasotuak esan zion babesik ez zuela, saiek indar handia dutela, eta aurpegia kaltetu baino, nahiago zuela hankak mokokatzen uztea. Gizonak orduan bere burua eskaini zuen fusila bilatu eta tiroa emateko. Nolanahi ere, saiak elkarrizketa entzun, atzera egin, eta mokoa sartu zion eztarriraino. Saia odoletan ito egin zen, ordea.
Pdf-an ikusi nahi izanez gero hementxe linka. Beste bat arte!!
Recent Comments