Boteretsu

9 04 2008

Apa irakurzale!! Hona hemen Castillo Suarezek berrian atzo idatzitako artikulua. Beti bezala zer pentsa ematen digu neska honek.

Larrepetit

Castillo Suarez

Boteretsu

Zenbatean uste izan dugu gure gainetik zeudela. Kalte handiagoa jaso genezakeela, eta onartzen dugu kalte txikiagoa pairatu inori oldartu baino lehen, eroso gaudelako hein batean jasan dezakegun min txikiarekin, eta beldurtzen gaituelako min handiagokoa pairatzeak. Zenbat aldiz sentitu gara ondokoa baino indartsuago, eta pentsatu dugu beti irabaziko dugula indar handiagoa dugulako. Zenbat aldiz pentsatu dugu irabaziko dugula. Zenbat aldiz galdu dugu nahiz eta irabaziko genuen ziurtasuna izan. Zenbat aldiz. Zenbat aldiz irabazi dugu oharkabean izan bada ere. Zenbatetan garailetzat gaituzte ingurukoek eta ez dute gure arranguraren nolakotasuna ezagutu ere egiten. Zenbatetan. Zenbatetan irabazi behar dugu. Zergatik irabazi behar dugu, beti.

Kafkaren alegia bateko protagonistari, sai batek hankak mokokatu zizkion; zapatak eta galtzerdiak urratu ondotik hasi zen hankak mokokatzen. Tarteka borobilak egiten zituen hegan, hura inguratuz, baina berriz hasten zen erasotzen. Gizaseme bat handik pasatu zen, eta galdetu zion zergatik onartzen zuen saiak hori egitea. Erasotuak esan zion babesik ez zuela, saiek indar handia dutela, eta aurpegia kaltetu baino, nahiago zuela hankak mokokatzen uztea. Gizonak orduan bere burua eskaini zuen fusila bilatu eta tiroa emateko. Nolanahi ere, saiak elkarrizketa entzun, atzera egin, eta mokoa sartu zion eztarriraino. Saia odoletan ito egin zen, ordea.

Pdf-an ikusi nahi izanez gero hementxe linka. Beste bat arte!!




Esperimentua

26 03 2008

Oporretan izan naizela eta badira egun batzuk idazten ez dudala. Beraz, gaurkoan atzo berrian Castillo Suarezek idatzitako artikuluarekin natorkizue, betiko moduan patxadan irakurtzea merezi duena.

Larrepetit

Castillo Suarez

Esperimentua

Esperimentuaren lehen fasea. Sei tximino daude kaiola batean. Goitik platano eder bat zintzilikatzen dute, eta tximinoetako bat hartzen saiatzen da. Platanoa altxatzen dute, eta ur hotzezko kuboa bota. Berriz ere platanoa zintzilikatzen dute, eta beste tximino bat hartzen saiatzen da, baina berriz ere platanoa jaso eta ura botatzen dute. Tximinoek ikasten dute, eta nardatzen dira. Platanoa zintzilikatuagatik, bakar bat ere ez da saiatzen hartzen. Esperimentuaren bigarren fasea. Tximino berri bat sartzen da kaiolan, eta aurreko seietatik bat ateratzen dute. Tximino berriak platanoa ikusi, ingurura begiratu, eta errazki hartzen du. Ez da ezer gertatzen. Gainontzeko tximinoak oldartzen zaizkio. Esperimentuaren hirugarren fasea. Beste tximino berri bat sartzen da, eta gainontzekoak etsaitako hartzen dute. Pixkanaka tximino «berriak» sartzen dituzte eta «zaharrak» atera. Azkenik tximino talde bat izango dugu borrokan, baina bakar batek ere ez daki zergatik. Inor ez da bere lehenaldiaren jabea; biktima besterik ez da.

Arestikoa ez da benetako ikerketa zientifiko bat, Antonio Álamoren narrazioa baizik. Azpimarratuen artean gordetzen dut nik. Izan ere, gure gaitza ere bada iraganik ez izatea. Maiz ezkutatzen digute iragana, gure ezinegonaren zergatia alegia. Maiz ahaztu egiten zaigu zergatik egiten ditugun egiten ditugunak. Norengatik falta zaigun bihotza. Betikoek betiko minaz idazten dute bitartean.

Pdf-an ikusi nahi baduzue hemen linka. Bestela ikusteko, berriz, hementxe.

Ale irakurzale ondo bukatu oporrak!! Eta bukatu zaizkizuenok ondo hasi!!




Duintasuna

23 01 2008

Kaixo irakurzale!! Hona hemen aurrekoan berrian aurkitu  Anjel Lertxundik idatzi zuena, berak dioen bezala noranahiko interpretazioak dituena. Irakurri eta gozatu!!

Hitz beste

Anjel Lertxundi

Duintasuna

Hona istoriotxo bat, ez naiz oroitzen non irakurria edo nori entzuna, eta, istorio on guztiek bezala, noranahiko interpretazioak dituena.

Bigarren Mundu Gerran, ospitale militar batean, beste soldadu askoren artean, sikh sektako soldadu bizardun bat zegoen ohean zauriturik. Egunak joan egunak etorri, gauzok gertatzen baitira, zauritua erizainarekin maitemindu zen. Goiz batez, adore guztia bildurik, deklaratu egin zitzaion. Erizainak, ordea, ez zaizkiola bizar luzeak gustatzen, ez zela sekula ezkonduko bizardun batekin. Soldaduak, duintasun handiz: «Nire erlijioak ez dit bizarra kentzen uzten, ezin dut tradizioa traizionatu». Lur jota geratu zen soldadua, baina halako batean, ikusirik neskak ez zizkiola ate guztiak itxi, bizarra kentzea erabaki zuen. Erizainarengana joan, eta berriro deklaratu zitzaion. Baina erizainak:

-Nola egin diozu uko zure tradizioari? Ez duzu duintasunik!
Hemen pdf-an ikusin nahi baduzue eta baita linka ere.

Beste bat arte.




Malenkonia

28 11 2007

Kaixo irakurle!! Gaurkoan ere artikulu batekin natorkizu, zehazki Anjel Lertxundik berrian idatzi zuena.

Hitz beste

Anjel Lertxundi

Malenkonia

Igandean, San Petersburgoko orkestra Donostiako Kurtsalean. Kontzertua bukatutakoan, Rachmaninov-en bigarren kontzertuak utzi zidan inpresioa nerabilen buruan: tamala zela orkestraren kemenak pianoa estali izana, obrak hain berea duen pianoaren eta orkestraren arteko elkarrizketa entzun ezinik gelditu ginela une askotan, eta, oroz gain, diluituta gelditu zela pianoari darion malenkonia, kontzertu horren bertuterik nabarmenena.

Aretoko irteeran, jende arte zalapartarian, gizonezko baten ahotsa heldu zitzaidan: «Gaurko piano-jolearena baino indar gehiago behar du kontzertu horrek!».

Piano-jolea emakumea zen; orkestrako interprete gehienak, aldiz, gizonezkoak. Nire ustez, orkestrak baino indar espiritual gehiago transmititzen zuen piano-joleak, baina orkestraren indar fisikoa zen nagusitzen zena.

Irakurleak aise imajinatuko dituen hausnarketek lagundu zidaten etxera.

Horrela uzten zaituztet, hausnartu irakurritakoaz, merezi du eta. Nahi izanez gero hona hemen pdf artxiboa.

Hurren arte.




Iepa!!

5 11 2007

Blog honi nolabaiteko hasiera emateko hona hemen Castillo Suarezek berrian idatzi zuen artikulua orain dela aste batzuk. Harrituta geratu nintzen. Izan ere, aurten bete dira 40 urte Che hil zutela eta oraindik bere espirituak bizirik dirau. Hala ere, eskerrak Castillori, bestela jende gutxik izango baitzuen albistearen berri.

Larrepetit

Castillo Suarez

Seme-alabak

Kubako alderdi Komunistaren Gramma egunkarian berri bitxi bat aurkitu nuen duela egun batzuk. Albistean Mario Teranen berri ematen zuten, ustez CIAren aginduz Ernesto Guevara Che hil zuen ofizialordea. Agindua zuen tiroak burura ez zuzentzeko, aurpegia itxuraldatu ez eta gorpua ezagutu ahal izan zedin. Hala egin zuen Teranek. Gainera, ez zizkion begiak itxi hil ondotik, eta begiak zabalik izan zuten hilotza.

Teranen semearen gutunaren berri ematen zuten Gramma-n. Eskerrak ematen zituen bere aitak ikusmena berreskuratu zuelako mediku kubatar batzuek egindako ebakuntzari esker. Teranek ez zuen ezer ordaindu behar izan Boliviako Santa Cruz hiriko ospitale batean -Kubak donatutakoa- egindako ebakuntzarengatik.

Chek idatzi zuen behin seme-alabak direla heriotzaren ondoren bizirik jarraitzeko moduetako bat -haren alaba Aleida Guevara March pediatra, horren adibide garbia da-, baina bitxia da bere hiltzailearen semearen baitan bizirik jarraitzea iraultzak.

Ustez Cheren gorpua dena beste sei gerrillari gehiagorekin lurperatu zuten Bolivian. Ez zuten Habanara eraman 1997ra arte. Aleida Guevarak hitz batzuk esan zituen gorpuari harrera egin ziotenean: «Gure aitaren gorpua gabe, herri honen semea da etxera bueltatu dena». 30 urte baino gehiago zituen aita ikusi gabe. Haurra zen joan egin zenean.

Harrigarria ezta?? Hemendik aurrera txoko hauxe aprobetxatuko dut irakurzaletasuna zuekin partzekatzeko.

Besterik gabe, ondo izan.







Itxi
Bidali postaz