Ispiluen gainean lotan

10 04 2008

Ispiluen gainean lotanJordik idatziriko liburuekin jarraituz, gaurkoan euskaratutako liburu batekin natorkizue. 2003an Liburu Gaztea saria jaso zuen istorio honekin.

Diegok, 19 urteko gazteak, kasualitate batez amonak bere armairuan gorderik dituen gutunak aurkitzen ditu. Bertan hiltzat jotzen zuen aitonaren berri izaten du. Bi aldiz pentsatu gabe Kubara joatea erabakitzen du aitonaren bila. Irlara iristean maitasuna zer den ezagutuko du, hori bai aitonaren arrastoari jarraitzen utzi gabe.

Orokorrean polita da istorioa, baina ez da Jordik idatziriko onenetakoa, niri behintzat hori iruditu zitzaidan. Beti bezala ia lehenengo lerroetatik “engantxatuta” geratzen zara bukaeraraino. Amaiera erabat hunkigarria.

Besterik gabe, liburua irakurtzera animatzen zaituztet, autore honek euskaraz dituen liburu gutxietako bat baita. Irakurria duenak berriz, bere iritzia idaztera animatzen dut.




Retrato de un adolescente manchado.

7 04 2008

Jordi Sierra i Fabraren liburu hau duela pare bat urte irakurri nuen. Idazleak idatzi dituen liburu Jordi Sierra i Fabraguztien artean, ez naiz ausartu kontatzen, nire eskuetara iritsi zen lehena izan zen. Ia lehenengo orrietatik erabat sartu nintzen istorioan. Asko gustatu zitzaidan Jordiren estiloa eta geroztik bere liburu gehiago ere irakurri ditut.

Gaurkoan “Retrato de un adolescente manchado” liburuarekin natorkizue, baina datozen egunetan Jordiren beste liburu batzuetaz ere hitz egingo dizuet.

Arrakasta handiko abokatu batek bere karrera politikoa utzi eta abokatu lanari berriz ekitea erabakitzen du. Egun batez enkargu berezi bat jasotzen du, bere ama hiltzea egotzi dioten gazte bat defendatzea hain zuzen. Gaizkilea ezagutzean abokatua erabat sartuko da kasuan eta istorioan, non bere iragana bera errebelatuko zaion.

Istorio guztian zehar gure arreta erabat bereganatzen du Jordik. Pixkanaka ematen dizkigun pistekin hiltzailea nor izan den argitzen joango gara. Momentu bat ere egongo da inorengan susmatuko dugula. Benetan merezi duen liburua, bai horixe.

Bukatzeko hementxe uzten dizuet liburuaren eta idazlearen inguruko informazio gehigarria eta beti bezalaxe liburua irakurri duzuenok zuen balorazio propioa idaztea gustatuko litzaidake.




La voz dormida

5 03 2008

Gaurkoan ezinbestekotzat jo beharko litzatekeen liburu batekin nator. Dulce Chaconek Espainiako gerra zibilean murgiltzen La voz dormidagaitu bete-betean, ezkutatu nahi izan den hori argitaratzeko asmoz. Bertan, aurrera ateratzeko borroka egin zuten madrilgo kartzelan egon ziren emakume batzuen egiazko istorioa kontatzen digu. Idazleak behin edo beste aipatu duen bezalaxe, istoria pixka bat leundu behar izan du, garai hartan jasan zuten tortura eta sufrimenduak islatzea oso gogorra izango baitzen.

Hala ere, protagonistak bihotzeraino iristen dira. Pepitaren begi urdinek, Jaime gaztearen ausardiak, maletadun Elvira neskatilak, hiltzera doan Hortensiak, Tensi maiteak, seme-alabak ezagutzen ez dituen kartzelan dagoen emakumeak… irribarreren bat edo beste lapurtuko dizkigute, baita negar malkoren bat ere.

Benetan merezi duen liburua duzue “La voz dormida“. Animatu eta irakurri!! Eta irakurria baduzue zuen iritzia jakin nahiko nuke. Beraz, idatzi beldurrik gabe.




Como agua para chocolate

22 02 2008

Gaurkoan ere literatura latinoamerikarrarekin natorkizue. Laura Esquivelek idatziriko eleberri honek Mexikoko neskato baten istorioa kontatzen du.

Como agua para chocolate.Tita etxeko alaba gazteena izanik, amaren azken egunerarte bera zaintzea behartuta dago. Horrek ez ezkontzea suposatuko dio gazteari. Baina orduan, Pedro gaztea agertuko da bere bizitzan, elkar erabat maiteminduz. Amak ez du hori onartuko eta mutil gazteak bere maitearen alboan egoteko ahizparekin ezkonduko da, Rosaurarekin. Titak erabiltzen dituen sukaldeko errezetek bere bizitzako joana kontatuko digute, beti Pedrorekiko urruntasunak adieraziz. Izan ere, ama zaindu behar horrek jaio zenetik sukaldera lotzen du neska gaztea, bertako sekretu guztiek bizitza oso bat markatuz.

Nobela benetan zoragarria, pasioz eta tristuraz betea, baita betiko literatura latinoamerikarraren fantasiaz ere. Errezeta ezberdinen bitartez kontatze horrek usain, zapore eta kolorea ematen dio istorioari. Irakurtzen ari nintzela Titak prestatutako jakiren bat usaintzen edo probatzen ari nintzela ematen zuen. Behin irakurtzen hasiz gero, ezin daiteke geratu, segidan zer gertatuko den jakiteko irrika pizte baitu. Bukaerak (ez dut kontatuko) eleberria erabat biribiltzen du, baita negar malkoren bat edo beste atera ere.

Beraz, maitasun istorioak gustatzen zaizkion orori aholkatzen diot liburua.

Zuetako norbaitek irakurria badu liburu hau, idatzi zuen iritzia ere.




Joanak joan

20 02 2008

Yon EtxaideAspaldian idatzi ez dudala eta gaurkoan euskarazko liburu batekin natorkizue, zehazki klasiko batekin: Joanak joan. Yon Etxaide Itharte donostiarrak (1920-1998) 1956an Euskaltzaindiaren saria jaso zuen liburu honengatik. Urte bete geroago euskaltzain urgazle, laguntzaile, izendatu zuten; bere azken urteetan euskaltzain ohorezko izan zen.

Badira pare bat urte irakurri nuela eta harrituta geratu nintzen gizon honek, duela 200 urte Zuberoan hitz egiten zen euskara hura berreskuratzeko egin zituen lanak. Bertan Petiri Topet “Etxahun” poeta-bertsolariaren bizitza kontatzen du. Adulterioa eta hilketak gertutik bizi izan zituen Etxahun dohakabeak. Joanak joanen garai haietako istorioak kontatzen dizkigu. Euskal Herriko gazte ugarik alde egin behar izan zuten Ameriketara, maiorazkorik tokatzen ez zitzaiela eta. Zorte haren barnean sartzen ez zirenak berriz, maiz behartutako ezkontzaren bat jasan behar izaten zuten.Joanak joan

Eleberri xamur honetan garai hartako euskal gizartea islatzen da. Jada ohituak gaude horrelako istorioen pelikula “amerikanoak” ikusteaz, baina askotan ahaztu egiten zaigu gure herrian ere horrelakoak ere pasa direla, gurean ere istorio triste eta gordinak ezkutatzen direla.

Besterik gabe, eleberri honen zati batekin uzten zaituztet.




Inés del alma mía

15 01 2008

Gaur aurkezten dizuedan nobela hau Txileko historian zeresan handia izan zuen emakume bati buruzkoa dugu. Gutxitan izaten dugu Inés Suarez bezalako emakume baten berri, izan ere, beti gogoratzen dira herrialde bat konkistatzerakoan gogor borroka egin zuten gizon haiek. Baina bitarte horretan hiriak, ospitaleak, eskolak… sortu zituzten emakumeak ahaztu egin dira. Isabel Allendek lan handia egin du memoria hori berreskuratzeko Inesen istorioa kontatzean.

Inés del alma m?aInés neska gazte estremadurarra Mundu berrira abiatuko da bere senarraren bila, zein urte batzuen ostean ez den etxera itzultzen. Ameriketan ez du senarrik aurkitzen , baina bai pasioz beteriko amodio bat: Pedro de Valdivia, zein Txile konkistatzera doan. Inés munduaren amaieraraino laguntzeko prest agertuko da.

Benetan merezi duen nobeletako bat da, Txileren konkista emakume baten ikuspegitik kontatzen baitu.

Hemen uzte dizuet nobela honi buruzko informazio gehigarria, baita bere aurkezpena egin zeneko bideo bat ere.




Firmin

10 01 2008

FirminOraindik irakurtzeko beta izan ez dudan arren, atentzioa deitu didan liburuetako bat dugu Firmin. Sam Savagen filosofoak idatzi duen lehen nobela honek arrakasta handia izan du mundu guztian zehar.

60. hamarkadako Bostongo liburutegiko ganbaran jaioa, Firminek liburuen orriak janez ikasten du irakurtzen. Baina arratoi jakitun bat, arratoi bakartia da. Bere familiak marjinatua, bere heroia den liburuzainarengan laguntasuna bilatzen du, baita porrot egin duen idazle batengan ere.

Nobela honek irakurzaletasunarekiko maitasuna azaltzen digu, humore eta tristuraz betea. Firmin ez da arratoi-gizaki bat, arratoiaren gorpuan dagoen gizaki bat baizik.

Liburu honi buruz gehiago jakin nahi duenarentzat hona hemen liburuaren lehen kapitulua, baita gazteleraz eginiko publikoarentzako presentazioaren bideo bat, non Pere Gimferre eta Rodrigo Fresan autoreek hitz egiten duten liburuari buruz, baita Firminen marrazkiak sortu dituen Fernado Krahn txiletarrak ere.




Jean M. Auel

7 12 2007

Jean M. AuelBadira urte batzuk Jean Mari Auelen “Los Hijos de la Tierra” saga irakurri nuela. Saga hori bost nobelaz osatzen da: “El clan del oso cavernario“, “El valle de los caballos“, “Los cazadores de Mamuts“, “Las llanuras del tránsito” eta “Los refugios de Piedra“.

Lehen nobelan Ayla Cro-magnon neskatxaren istorioa kontatzen du. Txikia delarik lurrikara baten ondorioz umezurtz geratzen da. Hainbat egunetan galduta ibili ostean, Neandertal talde batek aurkituko du oso egoera txarrean eta hasieran onartuko ez duten arren, taldeko emakume batek bere bihotza irekiko dio, azkenik taldean onartua izanik. Baina neska beste kultura ezberdin batean hezitakoa da eta lehen momentutik taldeak dituen arau hautsiezinak hautsiko ditu. Taldeari inondik inora bururatuko ez zaizkion ekintzak burutuko ditu (adibidez neska izanik ehizatzea) eta horietako batzuengatik gogor zigortua izango da.

El clan del oso cavernario

Nobela erabat txundigarria, irakurtzea merezi duena, bere garaian izugarrizko arrakasta izan zuena. Agian amaieran negar malkoren batek ere ihes egingo dizue.

Istorioak hurrengo nobeletan jarraitzen du. Baina nik, pertsonalki, bigarreneraino bakarrik irakurtzea aholkatzen dizuet. Izan ere, hemendik aurrerako istorioa amaierarik gabeko fantasia luze eta astunean bihurtzen da.

Hemen uzten dizuet Jean M. Aueli buruzko biografia.

Beste bat arte.







Itxi
Bidali postaz